Proiektuaren interes nagusia, beharbada, gaia normalizatzea da, guztiontzat eta gutako bakoitzarentzat hain garrantzizkoa den gai honetaz mintzatzea: sexu bizitzaz eta gozamenaz.
Esan bezala, osasungarria eta atsegingarria iruditzen zaigu sexuaz hitz egitea eta ikuskizunean aireratzen diren esperientziekin ikus-entzuleak identifika daitezen ahalegintzea.
EMAKUMEAK IZARAPEAN umore apur batez egin nahi dugu, baina kontuan eduki nahi ditugu, orobat, larrutan gutxi… gaizki… erdi ipurdi… garai batean baino okerrago… edo nola gustatuko litzaigukeen ez dakigula egitearen eguneroko tragediak ere. Horrelako kezkaren bat dugunean, ezin izaten dugu barren-barrenetik arnasa hartu; bikotekidearekin eztabaidan hasten gara, beti zerbaiten faltan gauden sentsazioa dugu eta iruditzen zaigu bizitza beste aldean dagoela beti, pelikuletan edo auzokoaren ohean.
Ikuskizun honetatik irtetean, jendeak norbere baitara begiratzeko gogoa izatea gustatuko litzaiguke, bere gorputzari eta desirei buruzko gogoetan murgiltzea; sexu bizitzan berriro sinestea eta gozamen iturritzat edukitzea.
“Gizon bakarra ezagutu dut oheak nik baino maiteago zituena, eta berak kontatu zidan bere historia, urkatu baino astebete lehenago. Bere ohe zaharrarekiko sentitzen zuen maitasuna egundokoa zen, ederra, hunkigarria. Bertan ez zuen arrotzik onartzen. Gau batean, etxera itzultzean, ezezagun bat aurkitu zuen bere ohean, eta hil egin zuen tiro batez.
Gero, aitortu zidan:
-Nire emaztea ohean egotea ez zitzaidan axola izan, azken batean, familiakoa da.
Baina tipo hura ez zen nire laguna”.
(“Oheak”, Groucho Marx)
EMAKUMEAK IZARAPEAN sexuaz mintzatzeko ikuskizuna da; emakumeen sexu bizitzaz hitz egiteko aitzakia. Emakumeek ohean dituzten irrika, fantasia, frustrazio, sekretu eta desirak ditu mintzagai. Agertoki gainean bost emakumezko, bost adin eta bost gizarte maila ordezkatzen dituzte.
Gizonezko bat ere izango da, hainbat paper jokatuko dituena: aingeru guardakoa, konpainia goxoa, terapeuta, laguna, iritsi berri bat, oroitzapen bat, aita, suhiltzaileen burua…
Gure iritzian, gizonok bezala emakumeok, burua galtzen dugu maitasunaren alorrean; nork bere burua eta aldamenekoa maitatzeko ahalmenean, berdin dio bikotekidea, laguna edo ama izan. Baina, sexua praktikatzerakoan, hain zuzen ere, maitaleak konfiantza behar du, kezkarik eza, bere buruari “joaten uztea", atseginaren labirinto zentzugabe eta plazer emailean aurrera egiteko.
Baina, aitor dezagun zintzo, hitz egiten al dugu gure sexu bizitzaz? Esaten al dugu nola pasatzen dugun ongi? Zer gustatzen zaigun eta zer ez? Norekin mintzatzen gara sexuaz? Bikotekidearekin? (...) Lagunekin? (...) Norbaitekin? (?) Zer da sexuaz mintzatzea? Hilean zenbat aldiz egiten dugun zenbatzea? Edo, hiruhilekoan?
Gure sexu harremanak asegarriak al dira? Zeri esaten diogu sexu harreman asegarria? Geure odola, gogoa, bihotza eta sexu organoak eskura baldin baditugu, zergatik ez diegu zapatei distira ateratzen? Argiak piztu behar genituzke, elkarrizketak aberastu, pelbisa libratu eta gaur oraindik ere �"irratian, esate baterako- entzuten diren hainbat galdera gainditu: “Existitzen al da, benetan, orgasmoa?” (Isabel, Murtzia. 25 urte), “Antzemango ote dit ginekologoak masturbatzen naizela?” (Carolina, Madril. 26 urte), “G puntua ukitzen dudanean, pixa egiteko gogoa etortzen zait eta gelditu beharra daukat, zer gertatzen da?” (Manuela, A Coruña. 29 urte). “Esan egin behar al nioke orgasmo itxurak egiten ditudala? Zergatik neska batzuek ez dute esaten? Ez dakit zer egin.” (Arantxa, Lugo. 18 urte). “Zer dira direlako bola txinatar horiek?” (Maria, Bartzelona. 20 urte)
“Maitasunak, fantasiazkoa edo errealitatetik urrunekoa badirudi ere, sexu senean ditu
sustraiak". (Arthur Schopenhauer)
Egileak: Lurdes Bañuelos/Mireia Gabilondo
Euskarazko itzulpena: Ritxi Lizartza
Argikuntza: Xabier Lozano
Jantziak: Ana Turrillas
Eszenografia: Fernando Bernués/Edi Naudo
Ikusentzunezko montaia: David Bernúes
Banaketa: Teresa Calo
Sara Cózar
Aitziber Garmendia
Beatriz Martde Antoñana
Pilar Rodríguez
Asier Hernández
Zuzendaritza: Mireia Gabilondo
Teknikoak: Tarima
Eszenografiaren egilea: Edi Naudo/Eskenetik
Zuzendari laguntzailea/: Belen Cruz
Ekoizpen lagun: Lucia Ocariz
Koordinazio teknikoa: Edi Naudo
Argazkiak: Manuel Diaz de Rada
Diseinu grafikoa: Cristina Fernández
Administrazioa: Maite Gorrotxategi/Miren Oiarzabal
Ekoizpen exekutiboa: Koro Etxeberria
Ekoizpena: Tanttaka Teatroa
Banaketa:
Julio Perugorria
Tfno: 946816743 /609457575
e-mail:
jpproducciones@jpproducciones.comwww.jpproducciones.com